2020/07/16

Bakion udan: Euskal Kantagintza

Atzo, uztaileko asteazken guztietan bezala, eta atzokoa hirugarrena izan zen, Euskal Kantagintza ezagutzeko aukera paregabea izan genuen bertoko Berbalagun taldeak antolatutako Bakion udan ere euskaraz programari esker, hain zuzen ere. Hirugarren honetan Andoni Tolosa "Morau" abeslari, idazle, irrati-esatari, zutabegile eta musika aditua izan genuen anfitrioi.

Mixel Labeguerie izan zen gure lehenengo protagonista, izan ere, Euskal Kantagintzaren aita bera da, eta bart argi geratu zen, Bakioko eskolako aterpean. Labeguerieren eragina eta haren abestiak ez ziren ezezagunak bertan zen publikoarentzat.           
                                       Gero etorri zen Euskal Herrian sortutako Ez Dok Amairu, abangoardiako mugimendu kulturala. Talde  multidisziplinarra bezala sortu zen, izan ere, Euskal Kantagintza Berriaren atzean Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lurdes Iriondo, Xabier Lete, Jexux eta Joxean Artze abeslariak eta musikariak  izan ziren, besteak beste... alabaina han ere izan ziren, Oteiza eta Basterretxea eskultoreak, Sarrionandia eta Irigarai idazlea eta poeta...
 
Andoni Tolosarekin batera 60ko eta 70eko hamarkadetara bidaiatu genuen eta garai hartako abestiak entzun genituen.

Baina ez ginen han geratu, era horretan,  atzokoa bidaia oparoa izan zen. XX. mendeko azken hamarkadetako errepasoa egin zuen "Morauk" gure garaira iritsi arte.  Atzo argi geratu zen  egun ezin dugula euskal kantagintzaz hitz egin musika estiloez baizik. Baina hura beste istoria bat da.

Saioa amaitzeko Andoni Tolosak sekulako bertsioa egin zuen, ezetz asmatu zein izan zen. Eskerrik asko Andoni, plazer handia izan zen zu ezagutzea eta zurekin hainbeste ikastea.
Eskerrik asko etorri zineten guztioi. Gogoratu datorren astean musikoterapia tailerra izango dugula Bakion udan ere euskaraz programaren barruan eta aldez aurretik izena eman behar dela.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina