2019/11/28

Euskararen eguna, Meñakan


Euskararen eguna dela eta, Meñakako Udalak hainbat eta hainbat ekimen antolatu ditu, egitaraua sendoa eta  potoloa. Izan ere, aurten, Berbalagunok  ekintza horietan parte hartuko dugu, baina ez hori bakarrik, Berbalaguna badator beste proposamen batekin programa aberasteko, hori dela eta, Irrintzi lehiaketa antolatuko dugu. Ezetz asmatu nongoak diren entzungo ditugun irrintziak.
Goizeko bertso-poteoa egiten dugun bitartean lau irrintzi entzungo ditugu eta zein den beren jatorria asmatu beharko dugu, eta horren harira kiniela bat egingo dugu.
Asmatzailerik trebeenak saritxoak  izango ditu, animatu eta parte hartu.
Igandean 12:00etatik aurrera, eleiz-ondoan eta herriko taberna inguruan.
Ez galdu aukeraaaaaiaiaiiiiaiiiiiaaaaaa!!!!

2019/11/05

Bakioko gurasolagun aurkezpena



Umerik ba al duzu? Euskaraz egiten diozu edo egin nahi diozu? Horiek horrela, Gurasolagun da behar duzun ekimena.
Ekimen honek guraso euskaldunak edota euskara ikasten ari direnak, eta euren seme-alabak, egoera berdinean dauden beste guraso eta seme-alabekin harremanetan jarriko ditu, familia edo lagun giro erabat euskalduana.
Gurasolagun taldeak horrekin guztiekin bat dator, izan ere, familientzako mintzataldeak dira; jolasak, txangoak eta tailerrak egiten ditugu, helduak eta haurrak batera aritzeko.
Belaunaldien arteko euskararen transmisioa bermatzeko ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntza harremanetan eragitea. Hots, beraien arteko hizkuntza ohiturak sendotzea.
Hainbat familia batzen direnez, aukera aproposa ere bada lagun berriak egiteko. Asteburu-pasak ere antolatzen ditugu (urtean bitan, gutxienez)
Horiek horrela, datorren ostegunean, azaroak 7, Bakioko kiroldegian aurkeztuko dugu Gurasolagun ekimena, arratsaldeko 17:00etan.
Etorri eta gozatu euskaraz!!!!!!!!!!