Jendartea
bizitzen ari den aldaketa garaian, beren lekua hartu dute
mintzapraktika egiteko programek; aisialdiaren aro honetan, aukera
bikaina ematen diote jendeari euskaraz hitz egiteko, jendea
ezagutzeko eta, hainbat jardueraren bidez, ederki pasatzeko,
bizitzeko, alegia. PRAKTIKATU ETA BIZI,
horixe baita AEKren mintzapraktika egitasmoen muina.
Gaurtik
aurrera, zabalik dago Euskal Herri osoko mintzalagun, berbalagun,
mintzakide edota gurasolagun taldeetan izena emateko epea. PRAKTIKATU
ETA BIZI AEKren praktika jardueren leloa da, eta
kanpainan erabiliko diren euskarrietan jardueron argazki batzuk
izango dira ikusgai: astean behin tabernan gustura mintzatzeko
elkartzen den herritar taldea, bizikleta hartuta txangoa elkarrekin
egiten duten lagunak, etab
Ekimen
arrakastatsua dugu; izan ere, bermatuta dago hainbat helburu
erdiesteko aukera: euskaltegian ikasitakoa praktikatu, euskaraz
egiteko plaza eskaini euskaldun orori, zuzeneko bidea izan inguruko
euskaldunak harremanetan jartzeko... eta, batez ere, abagune aparta
eskaini gustura egoteko eta aisialdiaz gozatzeko. Azken urteotan,
horretan sakondu da, hala, taldeetan hamaika arlotako ikastaroak
egiten dituzte (sukaldaritza, historia, osasuna...), baita
aisialdiari begirako kontu ugari ere, esate baterako, txango
kulturalak eta abentura-taldeak. Bestalde, familiartean eragiteko
gurasolagun programari beste bultzada bat emateko asmoa ere azaldu
dute arduradunek.
Mintzapraktika
egitasmo berriak herriz herri martxan jarriko dira urritik aurrera.
Ikasturte honetan, gainera, herri gehiagotan sortuko dira taldeak,
euskararen erabilerak indarra hartzen jarrai dezan.
2016-17
ikasturtean mintzapraktika programaren batean parte hartu nahi
dutenek dagoeneko eman dezakete izena Euskal Herrian osatuko diren
100dik gorako egitasmoren batean. Horretarako, euskaltegietara,
euskara-elkarteetara edota euskara-zerbitzuetara jo dezakete, edota izena emateko fitxa bete.