2019/06/21

Etorkizunari begira

Euskarak badu etorkizuna. Izan ere, joan den asteartean biziki konprobatu genuen: lubakietatik zerura, Gatikatik mundura.

Iazko ekimenari jarraiki, aurten ere, Uribe Butroeko Berbalagunak bildu ginen ikasturtea agurtzeko. Aukera paregabea izan zen, alde batetik Gatikako lubakia eta bunkerra bisitatu genituen, eta bestetik, beste Berbalagun kideak elkar ezagutu genituen. Ze poza!!!!

Enbata iragarrita bazen ere, inork ez zuen amore eman nahi, gure sarea zabaldu nahi baikenuen, eta horiek horrela, Lauroetako aparkalekuan 30 bat lagun bildu ginen gure bazterrak miresteko, eta, nola ez, gure harremanak elkar trukatzeko.



 
Han hasi ginen ibiltzen, eta atsotitzak esan bezala, "gustuko lekuan aldaparik ez", eta lehenengo aldapa gogorregia zirudien arren, han ez zegoen nekerik.
Astiro-astiro iratzez beterik zegoen bidea zeharkatuz heldu ginen, eta ezina ekinez egina guztiok egin genuen"tontorra".
Helduak zein umeak, han ez zegoen adinik, eta guztiok gozatu genuen.

 

Gatikakoa burdin izeneko tunel, bunker eta lubaki gotorleku sistemaren parte da. Gerra zibilean eraiki zen Bizkaiko kostaldean eta Bilbo inguratzen duten mendietan, hiria Faxisten erasoetatik babesteko, eta horrela heldu zaigu gure garaira.



 

Gotorlekuak denetarik dauka: erdian metrailadorerako "habia" du eta alboetan 2 galeria ditu. Dena arakatu genuen, eta benetan ez genuen espero aurkitu genuena, eta horrek ustekabean harrapatu gintuen, hain gertu eta hain ezezaguna.





Baina gu dagoeneko ez gara hain ezezagunak, Bakiotik, Gatikatik, Mungiatik, Maruritik, euskarari esker gero eta hurbilago gaude.
Noski, horrekin zer ikusia daukala hirugarren denborak. Ospe handiko sukaldariak izan genituen, eta haiei esker gure ikatza ez zen azken momentura arte amatatu.

Eskerrik asko etorri zinetenoi, eta hurrengo urtean berriro ere elkartuko gara, han eta hemen, neguan zein udan, eta dena euskararekin lotuta.

 Portzierto, postrerik ere ez zen falta izan.

2019/06/17

Udan ere euskaraz

Aurten ere, Bakiok euskararekin bat egingo du. Hondartza zein kaian, leku guztietan arituko, mintzatuko gara, eta noski gozatuko dugula.
Zatoz guregana, damutuko ez baitzara.
Hurrengoan Bakioko Berbalagunak antolatu dituen ekintzak:


UZTAILAK 3
BURUKO MASAJE TAILERRA.
Estresatuta bizi bazara  guregana etorri, Xabi Pajaresek buruko masajearekin lasaitzen eta gure ezinegonak baztertzen irakatsiko digu. Ordu erdiko tailerra, eta aukera ezin hobea.

UZTAILAK 10
TALO TAILERRA.
Sukaldaritza, ohiturak eta euskara, AEK-ko irakasle batekin. Hau da, talo egiten ikasiko dugu, eta nola ez, dastatuko dugu. Aukera aparta izango dugu Bakioko hondartzan bainua hartu eta gero.

UZTAILAK 17
MAGIA PARRASTAN
Zer da? txori bat? hegazkin bat? Superman? Ez!!! Magia Parrastan da!!! Baina zer ote da Magia Parrastan? Jakin nahi baduzu herdu guregana, Imanol Ituñok egingo duen ikuskizun horretan ezagutuko dugu, zer dagoen titulu horren atzean.

UZTAILAK 24
AKRO-YOGA
Eguzkiaren agurra ezagutu nahi baduzu, gurekin lortuko duzu. Eskainitako akro-yoga saioan erlaxatzeko eta luzatzeko teknikak ikasiko ditugu. Parada ederra  gure onerako.

Ordua: Arratsaldeko 19:00etan....

Lekua: Hondartzako kaian, euria egiten badu Bakeako karpan.

              Udan ere euskaraz!!!!!!!!!!!

2019/06/06

Arratsalde magikoa

 

Pasa den astelehenean arratsalde magikoa pasa genuen Bakioko Txakolingunean, eta ia-ia txiki geratu zitzaigun lekua. Bertoko Gurasolagun taldeak ipuin kontalari saioa antolatu zuen, eta 60 lagun bildu ginen han Miriam Mendozari entzuteko prest. Izan ere,  hari esker, helduak zein umeak, guztiok fantasiaz eta ilusiozko mundu batean sartu ginen, eta, era berean, noski gozatu genuela.
Inork ez zuen handik mugitu nahi izan, eder batean geundelako. Aurtengo saioa ez da izango bakarra, datorren ikasturteari begira,  Bakioko Gurasolagun Taldeak horrelakoak zabalduko dizkizue, eta ziur gaude joan den eguneko bezain arrakastatsuak izango direla.
Eskerrik asko Miriam, eskerrik asko etorri zareten guztioi, zuei esker  euskararen transmisioa posible izango da.