2019/07/31

Guk euskaraz, zuk zergatik ez?

Uztailaren azken eguna dugu gaur, hala ere, guk hemen jarraituko dugu, hau da, hondartzan, barnetegian, mendian, euskaltegian, lanean, jaietan, atzerrian, etxe ondoan...
Udan ere #PRAKTIKATUetaBIZI

Irailean berrituta itzuliko gara.

2019/07/25

Orekaren menpe

Uztailaren laugarren asteazkena etorri zen, eta berarekin batera Bakioko Berbalagunak herriari eskaini zion laugarren ekintza. Laugarren horretan agian ausartegia izan ginen, eta akro yoga saioa antolatu genuen hondartzan bertan.



Enbatak aurre eginez, handik ez zuen inork alde egin, era horretan, guztiok probatu nahi izan  genuen kirol hau, eta egiatan, guztiok galdetzen genion gure buruari ea kapaz izango ginen gure beldurrak baztertzeko eta oreka gurea egiteko.


Hasieran umeak izan ziren protagonistak, eta haiek aurre hartu zuten.




Mendia, tronoa, txoria, bola, hegazkina, eta hainbat posizio ikasi genituen, baita barneratu ere. Hala eta guztiz ere, hemendik aurrera etxean entrenatu beharko ditugu,  irabazi dugun "propiozepzio" hori ez galtzeko.


Egia da, han bazirela profesionalak, ondorioz, ausardiak eta orekak ez zeukaten misteriorik haientzat. Zur eta lur geratu ginen duten abileziarekin.



Hala ere, guk ere sensatsio berri horiek  dastatu nahi izan genituen, eta ez ginen atzean geratu, izan ere, Borjari esker hegal egin genuen behin eta berriro, eta maitemindu ginen kirol honekin.



Eskerrik asko Iratxe, benetan plazer handia izan zen zurekin egotea. Eskerrik asko etorri zineten guztioi, "Bilboko kuadrila" osoari, egin zenuten ahalegina txalotu behar dugu. Biba zuek! Bihotz bihotzez, mila esker.
Portzierto, Soraia, zorionak, zuri opariak egin beharrean, zuk egin zenigun oparia ederra izan zen.


Horiek horrela, aurtengo egutegia amaitutzat eman behar dugu, baina berbalagun taldeak asteartero jarraituko du biltzen.
Izugarrizko gozamena izan da niretzat zuekin arratsalde hauek partekatzea, eta espero dut datorren urtean, zuek eta beste batzuk ere, guregana etortzea.
Bien bitartean, bizi euskaraz eta ondo izan.

2019/07/18

Tatatachaaaaaan hau bai magia!!!!!!


Uztaileko asteazken guztietan bezala, hirugarrenez,  Bakioko Berbalagunak ekintza berezia eskaini zien bertokoei eta baita udatiarrei ere. Era horretan, atzokoa parada ederra izan genuen Imanol Ituiñori esker, hain zuzen ere.
Bilboko mago honek Magia Parrastan!!! deritzon ikuskizuna egin zuen kaian, eta han bildu ginen guztiok bidaia zoragarria egin genuen.
 
Baina, zer zen hura? Txori bat? Hegazkin bat? Superman? Ez! Magia pa­rras­tan ! Baina...zer demontre da Magia parrastan? bada magia eten­gabe, a tutiplen!
Espektakulu parte-hartzaile, dinamiko eta magikoa. Ikuskizun familia­rra, guraso eta seme-alabentzako aproposa izan zen atzokoa! Eta horrela gozatu genuen guk!!!!




Kartek, bolatxoek, sokek, agerpenek eta desa­gerpenek hartu zuten protagonismoa, noski hori guztia umorez josita. Horiek horrela,  gure barreak hondartzan ere entzun ziren, hain ondo pasa genuen eta!








Izan ere, inor ez zen geratu hotz, eta han bildu ginen  guztiok, eta baginen ehun lagun baino gehiago, parte hartu genuen, batzuek oholtzan eta beste batzuek txistuka eta magoaren trukoak txalotzen, eta gehienok zur eta lur geratu ginen magoaren trukoak asmatu ezinik.
Zorionak Imanol, aho bete hortz utzi gintuzun.





Portzierto publikoaren artean  oso oso pertsona ezagunak ikusi genituen, eta Berbalagunak antolatzen duen ekintza osagarri honetan parte hartu zuten.

2019/07/11

Berbalagunekin, on egin!!!!


Bakioko Berbalagunak antolatutako ekintzarekin hitzordua izan genuen atzo arratsaldean, uztaileko 2.ena, hain zuzen ere. Hasieran ematen ez bazuen ere, astiro-astiro, eta usainaren erakargarritasunaren poderioz,  jendetsu bilakatu zen ekintza.




Adi ibili ginen jakiteko zenbat irin, zenbat ur, zenbat gatz bota behar genuen ore bikaina sortzeko. Baina erraza izan zen geneukan chefarekin, era horretan, aditua da oso Alberto, gure talogilea, izan ere, eskarmentu handikoa, beraz, ez zegoen lekurik han porrot egiteko.



Pixkana-pixkana orea mamitu genuen, hasieran umeek hartu zuten protagonismoa, eta haiek landu zuten, bitartean guztiok egonagarrian genbiltzan, egin ere egin nahi baikenuen.



Azkenean, nagusion unea heldu zen, eta, A ze poza!!!!
Barrearekin batera erritmoa markatu genuen, taloa joz eta zabalduz.....


Forma hartzen ari ziren, eta gu, poz-pozik zein goxoak izango ziren, pentsatuz.



Azkenean ere, heldu zen momentua gure talo politak plantxan jartzeko. Ummmmmmmm!!!! Adurra zerigun!!!



Eta noski, Albertori esker eskaintza zabala eta ederra izan genuen, hau da, barazkiak, gazta, txorizoa edo txokolatea  taloaren barruan sartzeko prest. Ekarpena ere izan genuen...eskerrik asko Marian!!!

Horiek horrela, heldu zen dastatzeko momentua , eta argazkietan ikusiko duzuen bezala, merezi izan zuen etortzea eta gurekin arratsalde on eta ederra pasatzea.


Batzuetan irudi batek dena esaten du, bada gaur hurrengoa aukeratu dugu gure poztasuna adierazteko.
Eskerrik asko etorri zineten guztioi, eskerrik asko Albertori, gure chef nagusiari, asko ikasi genuen zuregandik eta ziur gaude gehiago ikasiko dugula hurrengo hitzorduetan. Hemendik aurrera irakatsi diguzuna  praktikan jarri behar dugu etxean.

2019/07/04

Estresik? Ez, eskerrik asko!!!!

Atzokoa aurtengo buruko masajearen bigarren esperientzia izan zen, eta ziur gaude ez dela azkenengoa izango. Bakioko Berbalagunak bertokoei masaje tailerra eskaini zien, eta argazkian ikusten duzuen bezala, sekulakoa izan zen.




Saioa leku zoragarri batean kokatu genuen, hau da, Bakioko kaian, Gaztelugatxeko Donieneren babespean. Hantxe bertan gure 6 esku-oheak jarri genituen, eta   Xabi Pajaresekin ikasi genuen,  buruko hezur guztiak eta nerbio-bukaerak non dauden.






Guztira hamaika lagun  bildu ginen esperientzia  bizitzeko prest. Ondo etorri guztiak, Berbalagunok antolatutako ekintzetara!






 

Pixkana-pixkana, erlaxatu genuen olatuen soinuarekin batera, eta ez zitzaigun inporta inguruan eta inguruarekiko sortu genuen jakin-mina. Gu poz-pozik ibili ginen bizkarreko mina kentzeko puntuak ezagutzen, tripako mina  ekiditeko teknikak ikasten eta  buruko mina saihesteko terapiak menperatzen, besteak beste, (ez dizuet guztia  kontatuko, hurrengoan etorriko ez baizarete).



Eta horrela erlojuek bederatziak jo zituzten ... eta guk, joateko asmorik ez bageneukan ere, dena bildu genuen eta hurrengo hitzordurako geratu ginen.
Eskerrik asko etorri zareten guztioi, eta eskerrik asko gure irakasle perfektuari, Xabi Pajaresi. Hemendik aurrera gure bizitza hobetuko dela ziur gaude.

Portzierto, badakizue datorren asteazkenean, uztailak 10, talo tailerra egingo dugula leku berean.
Ez galdu aukera, etorri guregana eta gozatuko duzue euskaraz!!!!!










2019/07/01

Udaz gozatzeko eta euskaraz egiteko eskaintzarik onena


Udarekin batera, martxan da Bakioko Berbalaguna. Neguan Euskal Herrian ohikoa izaten den fenomeno honek indarra hartu nahi du, baina oraingoan proposamen berritzailea eginez eta oporrak, uda, aisialdia eta euskara uztartuz.
Horregatik, Berbalagun proiektuak euskaraz gozatzeko gonbitea egiten dizue “praktikatu eta bizi!” lemapean, Bakio leku aparta baita euskaraz bizi izan eta, aldi berean, udaz eta oporrez gozatu ahal izateko. Beraz, udan zaudeten tokian zaudetela, Bakiora hurreratu eta beso zabalik hartuko zaituztegu.
Dagoeneko udako berbalagunen talde bat eratu da, baina berbalagun gehiago lortzeko eta euskal giroa suspertzeko zenbait ekintza antolatu ditugu uztaileko eguazten guztietan:
Uztailaren 3an: Buruko masajea, portuan, 19:00etan (euria egiten badu, Bakeako karpan).
Uztailaren 10ean: Talo tailerra, portuan, 19:00etan (euria egiten badu, Bakeako karpan).
Uztailaren 17an: “Magia parrastan” kaleko magia ikuskizuna, portuan, 19:00etan (euria egiten badu, Bakeako karpan).
Uztailaren 24an: Akro-yoga, portuan, 19:00etan (euria egiten badu, Bakeako karpan).
Beraz, udaz, hondartzaz, oporrez eta aisialdiaz gozatu eta euskaraz egiten jarraitu nahi izanez gero, badakizue… Bakio aukera eta eskaintzarik onena.
Argibide gehiago eta inskripzioa: 688 746 775 telefonoan (whatsapp-a) edo e-mailez (kinttopeko@aek.eus).
Zuen zain gauzkazue!!!