2020/01/31

Segurtasuna interneten, Bakion

Bakioko Berbalagun taldeak Segurtasunari buruzko hitzaldia bertoko biztanleriari eskaini zion, urtarrilaren azken asteazkenean. Ez genuen Kultur etxeko bideo gela bete, baina han hamasei lagun bildu ginen ikasteko gogoarekin.

Proposamena interesgarria baino interesgarriagoa izan zen, eta KZguneko arduradunak emandako azalpenek zur eta lur utzi gintuzten batzuetan. Izan ere, oraindik internet- analfabetoak garela konturatu ginen, eta argi geratu zen, Internetarekin elkarrekin bizi behar dugula, baita ze gutxi dakigun horri buruz ere. Han  terminologia berria entzun genuen: grooming, phishing, cookies, eta beste hainbat...

Solasaldi informalaren bitartez, inoiz ez garela adituak izango konturatu ginen, aldi berean ikasi genuen Internet menperatu beharko dugula, berak gu ez kontrolatzeko.

Hori dela eta, agian honi buruzko hitzaldi gehiago antolatuko ditugu etorkizunean.

2020/01/21

Segurtasuna interneten, Bakion

Kaixo, lagunok!!!
Bakioko Berbalagunek "Segurtasunari buruzko hitzaldia" antolatuko du, datorren urtarrilaren 29an, kultur etxeko bideogelan.
Interneten zabiltzan bitartean seguru sentitzen zara? Ba al dakizu nola sortu pasahitza hutsezinak? Nola kudeatzen dituzu hainbat eta hainbat tramite interneten bidez? Inoiz horrelako galderak  zure buruari egin badizkiozu, Berbalagunek proposatutako hitzaldiak zalantza guztiak argituko dizkizu.
Etorri eta ikasi gurekin, euskaraz eta doan.
Gozatu gurekin.

Talo tailerra, Meñakan


Kaixo, lagunok!!
Laster  garizuma hasiko da, berrogei egun horietan ezin izango dugu okela jan, beraz, orain dugu aukera haragi-uzte hori konpentsatzeko. Horretarako, Meñakako Berbalagun taldeek talo tailerra antolatuko dute, izan ere, ez dago modurik onena euskara eta gose amorratu hori betetzeko.
Etorri eta gozatu gurekin, ez zara damutuko, lagunak aurkituko duzu, eta tripa zorriak kenduko dituzu.
Eman izena, udaletxean edo 688 875 481 telefonoan.

Xaboi tailerra, Gatikan

 
Kaixo, lagunok!!
Gatikako Berbalagunek xaboi tailerra eskaintzen dizue. Datorren urtarrilaren 28an egingo dugu, Urondo txokoan. Kontuz plazak mugatuak baitira.
Zatoz gurekin euskaraz gozatzera eta xaboiak egiten jakitera.

2019/11/28

Euskararen eguna, Meñakan


Euskararen eguna dela eta, Meñakako Udalak hainbat eta hainbat ekimen antolatu ditu, egitaraua sendoa eta  potoloa. Izan ere, aurten, Berbalagunok  ekintza horietan parte hartuko dugu, baina ez hori bakarrik, Berbalaguna badator beste proposamen batekin programa aberasteko, hori dela eta, Irrintzi lehiaketa antolatuko dugu. Ezetz asmatu nongoak diren entzungo ditugun irrintziak.
Goizeko bertso-poteoa egiten dugun bitartean lau irrintzi entzungo ditugu eta zein den beren jatorria asmatu beharko dugu, eta horren harira kiniela bat egingo dugu.
Asmatzailerik trebeenak saritxoak  izango ditu, animatu eta parte hartu.
Igandean 12:00etatik aurrera, eleiz-ondoan eta herriko taberna inguruan.
Ez galdu aukeraaaaaiaiaiiiiaiiiiiaaaaaa!!!!

2019/11/05

Bakioko gurasolagun aurkezpena



Umerik ba al duzu? Euskaraz egiten diozu edo egin nahi diozu? Horiek horrela, Gurasolagun da behar duzun ekimena.
Ekimen honek guraso euskaldunak edota euskara ikasten ari direnak, eta euren seme-alabak, egoera berdinean dauden beste guraso eta seme-alabekin harremanetan jarriko ditu, familia edo lagun giro erabat euskalduana.
Gurasolagun taldeak horrekin guztiekin bat dator, izan ere, familientzako mintzataldeak dira; jolasak, txangoak eta tailerrak egiten ditugu, helduak eta haurrak batera aritzeko.
Belaunaldien arteko euskararen transmisioa bermatzeko ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntza harremanetan eragitea. Hots, beraien arteko hizkuntza ohiturak sendotzea.
Hainbat familia batzen direnez, aukera aproposa ere bada lagun berriak egiteko. Asteburu-pasak ere antolatzen ditugu (urtean bitan, gutxienez)
Horiek horrela, datorren ostegunean, azaroak 7, Bakioko kiroldegian aurkeztuko dugu Gurasolagun ekimena, arratsaldeko 17:00etan.
Etorri eta gozatu euskaraz!!!!!!!!!!



2019/10/31

Gatikatik Chogorira


Gatikako Berbalagunak eta beste hainbat lagun egon ziren atzo, urriak 30, Alex Txikonekin. Lemoako semeak haren ibilbidea berrikusi  zuen, eta Chogoriko espedizioari buruzko hainbat eta hainbat kontakizun zabaldu zituen Gaztetxokoan, batzuk barregarriak, beste batzuk kezkagarriak, baina denak interesgarriak. 
Gazteak zein helduak, berdin zion, guztiok gozatu genuen bizkaitar honen bizipenekin eta bizipozekin. 
Haren lehenengo tontorra ezagutu genuen, hau da, Gorbeia, hiru urte zituela  Javi anaiarekin egin zuena, eta hango gailurretik Alexen begiek ikusi zuten, geroago berak ikusi nahi izango zuen bizitza osoan. 
Gorbeiatik Pirinioetara, Europako mendietara, Alpeetara, eta 17 urterekin Pamir mendikatera bidaiatu zuen; eta 21 urte bete berri zituela bere lehenengo 'zortzimilakoa' igo zuen: Broad Peak (8.051m), Pakistanen, Karakorum mendikatean. Orduz geroztik, 30 bat espediziotan hartu du parte eta, besteak beste, munduko 14 gailur garaienetako 12 zapaldu ditu. 
Bidaiak eta bidaiak, horiek dira haren bizitzaren "leiv-motiva", horiek dira haren izaeraren motoreak.
Hala, azken urte hauek beharbada ez dira Txikonen ibilbidean arrakastatsuenak izan tontorrei dagokienez, baina bai aberasgarrienak eta alpinistikoki baliogarrienak. Ipar paretak, bide berriak, alpetar estiloa, hormatzarrak eta, batez ere, neguko espedizioak dira bere apustua.
Alpinista ez ezik, aizkolaria eta BASE jauzilaria ere bada Txikon; kirol eskaladan ere aritzen da baina, guztiaren gainetik, abenturazale nekaezintzat du bere burua; esploratzea maite du, bidaiatzea, jende ezberdina ezagutzea... edozein espedizioren ezinbesteko osagaitzat du hori guztia, kirol erronka ororen osagarri. 
Une politak pasa genituen berarekin, izan ere, ikasi genuen nola prestatu espedizio bat, nola egin iglu bat, nola irakurri zerua, zer nolako gatazkak dauden Nepalen, Pakistanen eta Indian.... berarekin batera Gatikatik Chogorira bidaiatu genuen, agian hurrengoan fisikoki izango da, atzokoa amets bat baino ez zen.