2019/06/21

Etorkizunari begira

Euskarak badu etorkizuna. Izan ere, joan den asteartean biziki konprobatu genuen: lubakietatik zerura, Gatikatik mundura.

Iazko ekimenari jarraiki, aurten ere, Uribe Butroeko Berbalagunak bildu ginen ikasturtea agurtzeko. Aukera paregabea izan zen, alde batetik Gatikako lubakia eta bunkerra bisitatu genituen, eta bestetik, beste Berbalagun kideak elkar ezagutu genituen. Ze poza!!!!

Enbata iragarrita bazen ere, inork ez zuen amore eman nahi, gure sarea zabaldu nahi baikenuen, eta horiek horrela, Lauroetako aparkalekuan 30 bat lagun bildu ginen gure bazterrak miresteko, eta, nola ez, gure harremanak elkar trukatzeko.



 
Han hasi ginen ibiltzen, eta atsotitzak esan bezala, "gustuko lekuan aldaparik ez", eta lehenengo aldapa gogorregia zirudien arren, han ez zegoen nekerik.
Astiro-astiro iratzez beterik zegoen bidea zeharkatuz heldu ginen, eta ezina ekinez egina guztiok egin genuen"tontorra".
Helduak zein umeak, han ez zegoen adinik, eta guztiok gozatu genuen.

 

Gatikakoa burdin izeneko tunel, bunker eta lubaki gotorleku sistemaren parte da. Gerra zibilean eraiki zen Bizkaiko kostaldean eta Bilbo inguratzen duten mendietan, hiria Faxisten erasoetatik babesteko, eta horrela heldu zaigu gure garaira.



 

Gotorlekuak denetarik dauka: erdian metrailadorerako "habia" du eta alboetan 2 galeria ditu. Dena arakatu genuen, eta benetan ez genuen espero aurkitu genuena, eta horrek ustekabean harrapatu gintuen, hain gertu eta hain ezezaguna.





Baina gu dagoeneko ez gara hain ezezagunak, Bakiotik, Gatikatik, Mungiatik, Maruritik, euskarari esker gero eta hurbilago gaude.
Noski, horrekin zer ikusia daukala hirugarren denborak. Ospe handiko sukaldariak izan genituen, eta haiei esker gure ikatza ez zen azken momentura arte amatatu.

Eskerrik asko etorri zinetenoi, eta hurrengo urtean berriro ere elkartuko gara, han eta hemen, neguan zein udan, eta dena euskararekin lotuta.

 Portzierto, postrerik ere ez zen falta izan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina