2020/03/05

Goiener Meñakan

Egungo eredu energetikoa aldatzea posiblea da, horrela uste du, behintzat,  Uribe-Butroi bizirik elkarteak. Era berean, gauzak aldatzeko momentuan daude eta Berbalagun taldeari esker, Goiener Hezkuntza taldeak Meñaka herrian energia berriztagarria aurkeztuko du, roll play baten bitartez; izan ere, dinamika erraza eta oso dibertigarria izango da.
Ekintza hau helduentzat da.

EGUNA: Martxoak 11, asteazkena
ORDUA: 19:00etan
TOKIA: Udaletxeko txokoan

Zatoz eta gozatu euskaraz!!!!!

2020/03/03

Gurasolagun Arrietan, Fruizen eta Gamiz-Fikan

Aurten Arrietan, Gamiz-Fikan eta Fruizen izango gara Gurasolagunok. Hori dela eta, datorren martxoaren 13an, Arrietan bertan hiru herri hauei dagokien ekimena aurkeztuko dugu, arratsaldeko 19:00etan, Kutur Etxean.
Programa zabala izango dugu, horren berri jakinaren gainean egon nahi baduzu, ez galdu aukera.
Zatoz eta gozatu euskaraz zuen seme-alabekin!!!!


2020/02/27

Natilla tailerra, Gatikan


Kaixo, lagunok:
Hona gatoz berri batekin, hara non eta berriro Gatikan.
Bertoko Berbalagunek antolatuta, eta bertoko  kideetako batek emanda, hona hemen beste aukera bat euskaraz gozatzeko. Hurrengo tailerrean, hau da, martxoaren 3an, nola egin natillak ikasiko dugu, baina ez natilla arruntak, ez, gureak munduko natillarik goxoenak izango dira.
Ez galdu aukera, etorri eta eztitu bizitza.
Eguna: martxoak 3
Ordua: 18:30etik - 20:00etara.
Non: Urondo txokoan.

2020/02/20

Pantxika Tximeleta eta Patxi Kirikolatza, Gatikan



Hona hemen gure lagunak: Pantxika Tximeleta eta  Patxi Kirikolatza.Horrela bataiatu zituzten Gatikako Gurasolagun umeek egindako merienda osasungarriaren tailerrean.

Arratsalde ezin dibertigarriagoa izan zen, asteartekoa. Han bildu ginenok ikasi genuen, nola sortu basamortuko palmondoa, Kirikolatza erregina, edota Pantxika Tximeleta, sagar batekin, madari batekin edota bananarekin.









Han ere espontaneoak izan genituen, baina gure ongi etorri beroarena izan zuten, agian hurrengoan animatuko dira gurekin partekatzeko eta gozatzeko.



Amok lagunduta, umeek zatitu, txikitu, zuritu eta prestatu zituzten basoko animaliak, eta a ze goxoak!!

Demontre, horrelakoak berriro egin behar ditugu.

Frutazaleak baziren han, noski, bat baino gehiago gainera. Hala ere, aldez aurretik gustatzen ez zitzaienek
F R U T A deskubritu zuten...
Aupa zuek!!
Talde osoko argazkia, polita ezta?

Hurrengo saioan, zer egingo dugu ekipo???
Portzierto, ateak zabalik ditugu, hau da, umeekin euskaraz hitz egin nahi baldin baduzu, eta ondo pasatu nahi baduzu, egin zaitez gurasolagun, izan ere, arratsaldeak giro alaian eta dibertigarrian pasatzen ditugu.

Bakion martxan

Aurtengoa hirugarren urtea da bertoko Sasiarte Mendi Taldeak eta Berbalagunek ekintza hau antolatzen dutela batera.
Eta a ze poza! goizean leiho-saretak zabaldu genituenean.
Igandean eguna ederra argitu zuen, zer gerta ere, guk aurrekoan dena prest geneukan; hau da, oinetako erosoak, mendiko berokiak, txanoak, makilak, eta noski gogoak Basatoste martxa egiteko... Hala ere, ez genuen behar izan prestatu genuen guztia, eguzkia presente izan zelako ibilbide osoan.

Sasiartek prestaturiko ibilbideari ekin genion. Hor ere eztabaida egon zen, batzuek sei kilometro zirela zioten, beste batzuek zazpi, ausartagoek  zortzi  zirela... Baina, guri bost! Han ez zegoen beldurrik, aitzitik, gure aurpegirik onena aurkeztu genuen.
Izugarri polita ibilbidea, Bakioko bazter ederrak eta ezezagunak ezagutzeko eta bide batez bertoko jendearekiko harremana sustatzeko.


Amaitzeko, nola ez, jatekorik ez zen falta izan. Han geneukan txorizo bokata eta egarriari aurre egiteko isurkariak baziren jaimaren azpian.

Bihotzak pozteko, han ziren trikitilariak giroa alaitzeko musikak lagunduta.
Eskerrik asko etorri zareten guztioi, datorren urtean berriro elkar ikusiko dugulakoan gaude, Sasiarteren partez eta Berbalagunen partez gu prest gaude Basatoste martxa antolatzeko.

2020/02/18

Meñakan ere garizumari aurre egin genion


Meñakan ez daukagu erremediorik, eta ez gara ibiltzen hitzerdika, izan ere,  garizumari aurre egiteko horiexek dira gure armarik nagusienak: talo, txorizo eta haragia jaten ez dutenentzat barazki goxo-goxoak.


Horrela pasatu genuen arratsaldea, joan den astean, taloa egiten ikasten. Horretarako maisu bikaina izan genuen. Eskerrik asko, Alberto, zurekin bidea beti da erreza
Umeek zein helduek guztiok gozatu genuen Meñakako Udaletxeko Txokoan, Berbalagunek proposaturiko tailerrean.





Erritmoa behin hartuta....argi geratu zen arbasoengandik jasotako "milurteko" errezeta  horiek badaukatela etorkizuna.


Inork ez zuen xehetasunik galdu nahi izan.


Noski, helburua argi eta garbi geneukan... orea plantxatik pasatu,  gero barruan txorizoa edo barazkiak sartzeko. Ederto batean geunden, era horretan, giroari laguntzeko, eta tripazainak irrikan jartzeko, lekuak usain zoragarria zeukan.












Biziki gozatu genuen, denbora izan genuen, taloa jotzeko, prestatzeko, dastatzeko, baita elkar ezagutzeko ere.












Hau izan da Meñakan Berbalagunek antolatu zuen aurtengo lehenengo ekintza osagarria, baina  izan zuen harrera ikusita, ziur gaude etorkizunean berriro elkartuko garela, jateko, barre egiteko, edo batek daki zertarako, gu prest gaude, eta zuk?.









2020/02/17

Aurkezpena Marurin


Kaixo, lagunok!
Badugu ordua!!! Otsailaren 18an Berbalagun programaren aurkezpena egingo dugu Maruriko Kultur etxean.

Zer esango dugu han?, bada zertarako antolatu dugun Berbalagun programa; hau da, alde batetik, euskara maila hobeto nahi dutenek euskara praktikatzeko espazio gozo eta atsegina izateko; eta bestetik, euskaraz bizi nahi dutenek lagun berriak ezagutu eta aukera gehiago izateko.

3, 4 edo 5 laguneko taldeak osatzen ditugu, adina eta ordutegi librearen arabera, guztietan euskaldun osoa den pertsona bat egongo da, apur batean eredua izango dena, ez da irakaslea izango baina bai ikusi ahal izango duzue nola egiten duen, eredu moduan.

Astean behin elkartzen gara, ordu eta erdiz. Praktikaren bidez hizkuntzaren gimnasia egiten dugu, ikasi duguna mantentzeko, zenbat eta hobeto moldatu euskaraz, orduan eta motibazio handiagoa izango dugu. Berbalagun proiektua da hizkuntzaren gimnasia egiteko.
Etorri eta ezagutu Berbalagun eta zure Berbalagunkideak, ez zara damutuko.
NOIZ: otsailak 18
ORDUA: 19:30ean
NON: Kultur etxean/Liburutegian